Ekainaren 1etik irailaren 30era bitartean, Urko kiroldegiko aparkalekuan, autokarabanentzako gunea prestatu da.

 

Ekainaren 1etik irailaren 30era bitartean, Urko kiroldegiko aparkalekuan, autokarabanentzako gunea prestatu da.

 

Aparkalekuak honako zerbitzuak eskainiko ditu: zarama ontziak, ur edangarria duen iturria, ur gris eta beltzak botatzeko lekua,argiztapena eta abar. 24 autokarabana aparkatzeko lekua egongo da. Ura aldatzeko zerbitzuak urte osoan zehar erabili ahal izango dira.

 

Ur eta elektrizitate makinak erabiltzeko, turismo bulegoetan "jeton" txanponak salduko dira. Jeton bakoitzaren prezioa euro batekoa izango da eta hurrengo ordutegietan erosi ahal izango dira:

 

 

Ekaina eta iraila

Astelehenetik larunbatera: 10.00-14.00 // 16.00-18.00 ; Igande eta jai egunetan:10.00-14.00

 

Uztaila eta abuztua

Astelehenetik igandera: 10.00-15.00 // 16.00-19.00


 

 

Sopela morez jantziko da martxoaren 2tik 8ra arte, Emakumeen Astearen baitan

Urtero legez, martxoaren 8agaz lotuta, Sopelako Udalak eta Itzartu emakumeen elkarteak hamaika jarduera antolatu dituzte, emakumeen eskubideak aldarrikatzeko asmoz. 

 

Egitaraua martxoaren 2an hasi eta 8an amaituko da, eta publiko ezberdinetako jarduera anitzak egongo dira, baina osagai amankomun bategaz: protagonista nagusiak emakumeak izango dira.

Argentinako emakume indigenen lehenengo martxa izango da lehenengo ekimena. 18:30ean Kurtzio Kultur Etxean, Saioa Asensio brigadista izango da hizlaria.

Martitzenean Itzartuk urtero antolatzen duen tarta-lehiaketaren txanda izango da. 18:00etan Nagusien Etxean, bere XIX. edizioa ospatuko dute. Horren ostean, dastaketa eta dantzaldia ez da faltako.

Hilaren 4an genero ikuspegiko zineaz gozatzeko aukera egongo da, 18:00etan Kurtzio Kultur Etxean. Eskainiko den pelikula "Al encuentro de Mr. Branks" da.

Eguenean Itzartu emakumeen elkartearen egunik handiena izango da. 18:00etan pintura, olerkigintza eta ipuin laburren sari-banaketa egingo dute Kurtzio Kultur Etxean, eta noski, luntxa ez da faltako.

Martxoaren 6an jarduera bi egongo dira. Alde batetik 18:30ean Kurtzio Kultur Etxean Haizea Lopez idazle sopeloztarrak bere azken liburua, "El veneno de Jane Ryan" aurkeztuko du. Bestetik, ordu berean baina Itzarturen egoitzan, "Emakumeak Goyaren lanetan" berbaldia eskainiko du Adela Bueno adituak.

Asteburuari begira, zapatuan Itzartuk bere bazkari tradizionala egingo du Artxandan, 15:00etan. Autobusa 12:00etan urtengo da Urbaso tabernatik.

Domekan, berriz, Casa de Muñecas antzezlana izango dugu ikusgai, 19:00etan Kurtzio Kultur Etxean. Sarrera, hiru euroan.

Sopelara heldu den bisitari-kopurua bikoiztu da Aste Santuan

Gero eta gehiago dira Sopelara gerturatzen diren turistak. Hondartzak, labarrak, burdin-hesiaren
aztarnak, kalitatezko kultur eskaintza, zerbitzuak... Horiek dira gure herriak eskaintzen dituen osagai
nagusiak, eta horrek eragina izan du turismo-datuetan.
 
Aste Santuan, esate baterako, iazko datuak bikoiztu dira. Iaz 319 kontsulta egin ziren Sopelako turismo
bulegoetan Aste Santuko aste bietan. Aurten, ostera, 647 kontsulta egin dira Sopela eta Larrabasterrako
bulegoetan, bikoitza alegia. Bisitari gehienak Euskal Herrikoak izan dira (434), Estatu mailakoak 145 izan
dira eta atzerritarrak 68 lagun izan dira. Iazko datuekin alderatuz gero, ikus daiteke batez ere Euskal
Herriko bisitarien kopuruan egin duela gora nabarmen (148 izatetik 434 izatera). Turistek batez ere
ibilbide eta hondartzen inguruko informazioa eskatu dute.
 
Aste Santuko datuak, ostera, ez dira datu isolatuak. Urte osoan zehar turisten kopuruak gora egin du
nabarmen udalerrian. 2014. urteko urtarrilean 249 kontsulta jaso ziren, eta 2015. urteko hilabete berean,
berriz, 378. Otsailean eta martxoan aldea nabarmenagoa izan da: 188 izatetik 411 izatera otsailean eta
346 izatetik 612 izatera martxoan.
 
Azken urteetan Sopelako Udalak esfortzua egin du hondartzak eta surfaz harago udalerriak beste
ezaugarri batzuk dituela nabarmentzen: burdin hesiaren-aztarnak, naturagaz lotutako ibilbideak, kultur
eskaintza, Sopela Kosta Fest bezalako ekimenak, eta abar. Maiatzean zabalduko den karabanentzako
aparkalekuak ere turismo-bide berriak zabaltzen lagunduko du.
 
Horrez gain, beste urte batez Turismo Bulegoak bisita gidatuak antolatuko ditu udan. Lehenengoak
ekainean izango dira: ekainaren 7an eta 20an Burdin Hesiko aztarnak ezagutzeko aukera egongo da.
Hitzordua 09:00etan izango da Urko kiroldegiko aparkalekuan. Izena emateko: 94 406 55 19 edo
Esta dirección de correo electrónico está protegida contra spambots. Usted necesita tener Javascript activado para poder verla.. Prezioa: hiru euro.

Sopelak surfaren eta naturaren babesaren erreserba bihurtzeko asmoa du

Sopelak surfaren eta naturaren babesaren nazioarteko erreserba bihurtzeko asmoa du. Izan ere, Udalak World Surfing Reserve (WSR) programan parte hartzeko izena eman du.

 

World Surfing Reserve edo Munduko Surfaren Erreserbak 2009. urtean abiatutako programa da, Save the Waves Coalition elkartearen eskutik. Bere helburua surfaren nazioarteko habitatak babestea da. Horretarako, programak olatuak, surfarekin lotutako guneak eta giroak identifikatzen eta aztertzen ditu.

Udalak aipatu programan izena eman du Sopela nazioartean kokatzen jarraitzeko asmoz: surfaren munduan erreferentzialtasuna irabaziz, eta olatuak eta hondartzen inguruak babestuz.

Beraz, erreserbaren parte izateko helburuak honakoak dira: Sopelaren promozio turistikoa indartzea; olatuak eta hondartza inguruari babesa ematea: herriko jarduera kultural, sozial eta ingurumenarekin lotutakoa bultzatzea; eta ingurumenaren babeserako kontzientziazioa zabaltzea.

Gaur egun, Munduko Surfaren Erreserba honako hondartzek osatzen dute: Malibu Amerikako Estatu Batuetan, Portugaleko Ericeira, Austrialiako Manly, Amerikako Estatu Batuetako Santa Cruz eta Peruko Huanchaco.

Egindako izen-ematean, Udalak honakoa nabarmendu du. Alde batetik, surfa egiteko hainbat gune daudela: “la batidora”, “la triangular”, “la reserva”, Atxabiribil, “el sitio”, Meñakoz, eta abar. Beste alde batetik, Sopelan urte osoan surfa praktikatzeko aukera badagoela azpimarratu da. Izan ere, mota guztietako olatuak daude, norabideari dagokionez (esker-eskuin) eta zailtasun-mailari dagokionez. Horrela, hasiberriek eta adituek surfaz gozatzeko aukera dute.

Sopelan surf-probak antolatu dira 80. hamarkadatik. Gaur egun, hainbat txapelketa antolatzen dira: Projunior ASPren proba bat, nazio mailako hainbat proba, e.a. Gainera, Sopelan surfarekin lotutako hainbat jarduera dago: elkarteak, enpresak, mota guztietako ekimenak, eta abar.

Ingurumenaren babesari dagokionez, azken hiru urteetan, Sopelako Udalak natura babesteko hainbat ekimen jarri ditu martxan; Urkoko berreskuratze-ekologikoa, Arriatera hondartzak EMAS (Europako ingurumen ziurtagari gorena) lortu du, herrigunetik hondartzaraino bidegorri-sarea handituko da, eta abar.

Gainera, 2014. urtean Udalak “Sopela Kosta Fest” jaialdia antolatu zuen, kultura, kirola eta naturaren babesa lotuz.

Erreserban parte hartzeko egindako eskaeran, Udalak beste hainbat ezaugarri aipatu ditu: kostaldeko flysch-a, Meñakozeko pillow-lavak, Burdin Hesiaren arrastoak, Euskal Herriko kultura eta ohiturak, euskara, eta abar.

Eskaera Udalak berak egiten duenez, horrek argi uzten du tokiko erakundeak proiektu honekiko eta naturaren babesarekiko duen konpromisoa, eta beraz, Sopelari erreserbaren parte izateko aukera gehiago ematen dizkio.

Apirilaren 2tik aurrera, autobusa Sopela eta Plentzia artean, Urdulizko metroko lanak direla eta

- Trenbide-pasagunea kendu eta Urdulizko geltokia lurperatzeko lanek metro-zerbitzua etengo dute eta autobusez ordezkatuko dira.

 

- Obrek 18 hilabeteko iraupena izango dute, eta autobus-zerbitzua obra amaitu arte luzatuko da.

Bizkaiko Garraio Patzuergoa apirilaren 2an hasiko dira Urdulizeko trenbide-pasagunea kendu eta tren-geltokia lurperatzeko lanak. Obra 18 hilabetez luzatuko da, eta tarte horretan Sopela, Urduliz eta Plentziako udalerrietako tren-zerbitzua autobusez eskainiko da. Metroaren gainerako geltokietan zerbitzua ohikoa izango da.

1. FASEA: apirilaren 2tik 6ra arte (Plentzia-Larrabasterra)

Lehenengo bost egunetan, beren-beregi apirilaren 2tik 6ra arte, bus zerbitzua Larrabasterra eta Plentziaren artekoa izango da. Egun horietan Larrabasterrako Gatzarriñe kalean (metro geltokiaren alboan) egongo da autobusaren geltokia. Maiztasuna 30 minutukoa izango da.

2. FASEA: apirilaren 7tik obra amaitu arte.

Apirilaren 7tik aurrera autobus zerbitzua Sopela eta Plentziaren artekoa izango da (hau da, Larrabasterran metroa egongo da). 

Autobus-geltokiak

Arestian esandako geltokien ondoan geratuko dira autobusak.

Larrabasterra: Gatzarriñe kalean, metro geltokiaren alboan (apirilaren 2tik 6ra arte BAKARRIK).

Sopela: Lizarre kalean, geltokiaren aurrean.

Urduliz: txartelak Nagusien Etxe alboan dagoen txarteldegian egongo dira salgai. Plentziako norabidean, Aita Gotzon kalearen 23. zenbakian, Kutxabanken aurrean. Sopelarako norabidean, Aita Gotzon kalearen 18. zenbakian, Nagusien Etxearen alboan.

Plentzia: geltoki kalearen 1. zenbakian, metro geltokiaren alboan.

Apirilaren 13tik aurrera autobusen maiztasuna 18 minutukoa izango da 10:00 eta 16:00 artean, astelehenetik ostiralera arte. Gainerakoan, eta larunbat, igande eta jaiegunetan, metroak 20 minuturo ibiliko dira, eta gauez (23:00etatik aurrera) 30 minuturo.

Informazioa bezeroei

Bestalde, autobusez ibiliko diren pertsonen zalantzak argitzeko asmoz, Metroak Sopelako geltokiaren alboan informazio-puntua jarri du. Informazio bulego hori apirilaren 7an zabalduko da eta obrak amaitu arten egongo dira. Metroaren zerbitzuaren ordutegi berbera izango du.

Informazio gehiago: 94 425 40 25 www.metrobilbao.eus

Karabanek udako denboraldirako aparleku egokitua izango dute Ugeragan

Sopelako Udalak Urko eta Ugeraga inguruaren berreskuratze-prozesuarekin jarraituko du hurrengo hilabeteotan. Urko paduraren berreskuratze ekologikoaren ostean, hurrengo urratsak Ugeragako aparkalekuari begira emango dira. Udalak aipatu lekuan udako denboraldirako karabanentzako parking bat sortuko du. Neguan autoek orain arte bezala erabiltzen jarraitu ahal izango dute, eta udan, berriz, bai karabanek eta baita autoek ere aparkatzeko espazioa izango dute.

 

Gaur egun, autokarabanek ez dute inolako espaziorik Sopelan (eta inguruko herrietan) eurentzako. Udan, asko dira herrira gerturatzen diren autokarabanak, eta ez dute aukerarik izaten euren ur gris eta beltzak aldatzeko, iturririk erabiltzeko e.a. Udalak gabezi horri erantzun gura dio, gaur egun Uribe Kostan ez baitago inolako eskaintzarik, eta horrek mota honetako turismoa bultza dezake.

Modu honetan, karabana hauek herriko beste gune batzuetan sortzen dituzten arazoak ekidin gura dira, eurentzako leku apropos bat sortuz (seinaleak jarriko dira aparkalekua ezagut dezaten).

Aparkalekua uda denboraldian baino ez da egongo erabilgarri. Hau da, ekainetik irailera arte. Beste hilabetetan, ohiko erabiltzaileek aparkalekua erabiltzen jarraitzeko aukera izango dute, 130 auto aparkatzeko aukerarekin.

Aparkalekuak honako zerbitzuak eskainiko die bisitariei: kontenedoreak, ur edangarria duen iturria, leku garbia (ur gris eta beltzak botatzeko lekua), argiztapena e.a. 24 autokarabana aparkatzeko lekua egongo da.

Obrak hasi baino lehen, Udalak hainbat panel informatibo jarriko ditu lanen nondik norakoak ezagutaraziz. Obrak egiten diren bitartean, erabiltzaileek aparkalekuaren %70 erabilgarri izango dute beti. Modu honetan, futbol zelaira joaten diren lagunek aparkatzeko lekua izango dute obra egiten den bitartean.

Proiektu honen aurrekontua 59.000 eurokoa izango da; kopuru horren erdia argiztapena berritzen eta aldatzen bideratuko da (herriko beste hainbat lekutan egin den bezalaxe).