Arriatera- Atxabiribil hondartzak EMAS ziurtagiria lortu du

Sopelako Udalak EMAS ziurtagiria (Ekokudeaketa eta Ekoikuskaritzaren Araudia) lortu du Arriatera-Atxabiribil hondartza sopeloztarrean. EMAS egiaztagiria Europa mailako ingurumen arloko ziurtagiririk gorenena da. Europar Batasuneko araudi boluntario bat da, eta bertan Ingurumen Kudeaketa Sistema bat martxan jarri duten eta ingurumen arloan etengabe hobetzeko konpromisoa hartu duten erakundeen lana aitortzen da, ikuskaritza independienteen bidez.

 

Ziurtagiria lortzeko lehenengo urratsa otsailaren 5ean eman zen. AENOR enpresak ingurumen ikuskaritza egin zuen Sopelako Udalean, eta honako irizpideak hartu ziren kontuan: ingurumen arloko araudia eta bere betetze-maila udalerrian, arlo honetako komunikazioa eta parte-hartzea, ingurumen arloko kudeaketa-prozesuen azterketa,

edalontzi berrerabilgarrien sistema hondartzetako lokaletan, udalerriko umeei geologia ezagutzera emateko tailerrak, edo ISO 9001 eta ISO 14001 ziurtagirietan agertzen diren bestelako ingurumen-ezaugarriak.

Lehenengo urrats hau egin eta baieztapena eskuratu ostean, Udalak bigarren baieztapena lortu du, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailaren eskutik.

Sopelako Udalak lehenengo aldiz abiatu du EMAS ziurtagiria eskuratzeko prozesua. 2005. urtean Arriatera-Atxabiril hondartzan ISO 9001 eta ISO 14001 ziurtagiriak eskuratu zituen, eta bederatzi urtez eskuratu izan du. Orain arte, Bakioko hondartzak bakarrik lortu du EMAS erregistroan parte hartzea Bizkaian.

Azken hiru urteotan Sopelako Udal Gobernuak hainbat ekimen abiatu ditu ingurumen politika indartzeko eta garapen jasangarria bultzatzeko: Urko paduraren berreskuratze-ekologikoa, apo lasterkariaren babesa, bidegorri-sarea handitzeko asmoa (Gatzarriñe kalean eta Atxabiribil kalean), argiteria aldaketarekin lortu den eraginkortasun energetikoa, SHK Sopelako Hondakinen Kontseiluak egindako lana e.a. EMAS ziurtagiriaren lorpena testuinguru horretan kokatu behar dugu.

Sopelako Udal Gobernuak norabide horretan lanean jarraitzeko asmoa du hurrengo hilabeteetan (Hirigintza Antolamendurako Plangintza Orokorrean jasoko diren hirigintza planeamendu berriak, udalerrian egoera kaskarrean dauden beste inguru batzuk berreskuratzeko proiektuak e.a.).

VIA: WWW.SOPELA.EUS