SOPELA KOSTA FEST, naturaren babesa, surfa eta musika oinarri duen jaialdi berria

Irailean galdu ezinezko hitzordu berri bat izango dugu Sopelan, egutegian gorriz markatu beharko duguna. Sopelako sanpedroak eta Larrabasterrako karmenak ospatu ostean, udari “hurrengora arte” esateko jaialdi berezi bat izango dugu Sopelako gune ezberdinetan: SOPELA KOSTA FEST. Irailaren 24tik 28ra arte ospatuko da, eta hiru osagai nagusi izango ditu: NATURA, SURFA eta MUSIKA.

Jaialdiaren programazioak hiru oinarri horiek izango ditu. Alde batetik, naturaren babesa. Azken hilabeteotan, Sopelan hainbat ekimen burutu dira jasangarritasuna bultzatzeko asmoz: SHK Sopelako Hondakinen Kontseiluak egindako lana, bidegorri-sarea handitzeko asmoa (Gatzarriñe kalean eta Atxabiribil inguruan), Urko paduraren berreskuratze-ekologikoa, HAPO berriak bultzatuko duen filosofia berria... Horri bultzada emateko asmoz, jaialdian naturaren babesa aldarrikatuko da, tailer eta ekimen ezberdinen bidez.

Bigarrena, surfa izango da. Ez dago esan beharrik surfak Sopelagaz duen harreman estua. Hori indartze aldera, hainbat txapelketa eta tailer antolatuko dira data horietan surfagaz lotuta, Sopelak surfaren munduan duen izena indartzeko asmoz.

Azkenik, jaialdiak “Sopela munduan, mundua Sopelan” jaialdiaren lekukoa hartu eta hainbat kultur jarduera izango ditu (antzerkia, zinema, erakusketak...). Eta kulturaren baitan, musikak leku berezia izango du jaialdian, udaletxe plazan jarriko den karparen barruan, lehen mailako taldeak elkartuko baitira.

Jaialdia, beraz, multidisziplinarra izango da, eta publiko ezberdinak izango ditu kontuan: adin ezberdinetakoak, surflariak, ingurumenagaz kezkatutako herritarrak, musikazaleak e.a. Jaialdiak gune nagusi bi izango ditu: hondartza ingurua alde batetik eta udaletxe plaza bestetik.

Jaialdiaren antolatzailea eta kudeatzailea Sopelako Udala den arren, herriko hainbat elkarte lankidetzan ibiliko dira, jaialdiari jarduerak gehituz eta antolatuz. Jaialdiaren helburuetako bat hori da, hain zuzen ere: elkarteek antolatzen dituzten jarduerei ere bultzada ematea.

Eta noski, jaialdiaren helburu nagusietako bat turismoari bultzada ematea izango da, inguruko herrietako bisitariak erakartzeko asmoz (herrian giroa sortu eta ostalari eta dendarientzat ere onuragarria izango delakoan). Horrez gain, sopeloztarrek hainbat ekintza izango dituzte adin eta gustu guztietarako.